XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) neskei ipurdia erakustea izaten zen bere trauskilkeriarik gogokoenetako bat.

Federen bi zaletasun haietatik bat baino ez zeukan jauregiko beste bizilagun batek, Danik.

Ilea guztiz kizkurtuta hazten zitzaion mutil irribarretsu hark parrandan baino ez zuen pentsatzen.

Dena dela, pilo bat edan arren, ez zuen inoiz neurrigabe jokatzen.

Kalean kantuan aritu eta oihu batzuk bota bai, baina ez zen sekula hortik pasatzen.

Edozein modutan ere, gazte hark bazeukan gainditu ezinezko ahultasun bat, neskena hain zuzen.

Zeharo maitabera zen eta buruan neskaren bat sartzen bazitzaion alferrik galtzen zen: erabat lelotzen zen eta aldi luzeak ematen zituen isilik, bere pentsamenduetan murgilduta, ez ezeri ez inori jaramonik egiteke.

Txarrena zen Daniren amodioak platonikoak izaten zirela.

Lagunek aholkatzen zioten neska haiei zerbait esateko edo hurbiltzen saiatzeko, baina aholku haiek alferrikakoak izaten ziren beti.

Jauregi hartako beste elementu bitxi bat Koldo zen.

Ile adats luzeko mutil haren zaletasunik handienak rocka eta drogak ziren.

Goizero esnatzean porru bat erre behar izaten zuen ondo sentitzeko, eta arratsaldero eta gauero beste horrenbeste egiten zuen, are hobeto sentitzeko: udazken aldean mendira joaten zen perretxiko aluzinogenoak batzera eta etxeko lorategian marihuana mordoa landatzen zuen urtero.

Bestalde, gau askotan kontzertu zaratatsuak ematen zituen bere gitarra elektrikoarekin eta pisukideei loa eragozten zien nahiko berandu arte.

Batzuetan Iban konbentzitzen zuen laguntzeko, beronek ere beste instrumentu bat jotzen baitzuen pixka bat: tronpeta.

Biak elkartzen zirenean zigorra bikoitza izaten zen etxekideentzat, sarritan sasi-kontzertu haiek ordu batzuetan luzatzen baitziren.